GOIAN, KOMUNITATE-PROIEKTUA ALDE ZAHARREAN

Komunikabideetan Goian, Kultur eta Kirol Elkartearen aldeko udal akordioa indargabetzeari buruzko hainbat albiste agertu direnez, aprobetxatu nahi dugu unea gure proiektua eta bere planteamendua zabaltzeko. Asmoa da zalantzak argitzea, aurreiritziak uxatzea eta gonbidatzea Goianen lan egiten dugunorekin harremanetan jartzen, etorkizuneko lankidetzak bultzatzeko.

Goian Gasteizko alde zaharreko gizarte- eta hezkuntza-proiektua da; elkarbizitza lana defendatzen du, axolagabeko elkarbizitza gainditzeko. Guretzat auzoko aniztasuna balio bat da, babestu beharreko aberastasuna, eta horretarako gure estilo propioa garatu dugu beste gizarte- eta hezkuntza- eragileekin koordinatuz. Gure proiektuen bidez, topaguneak sortzen saiatzen gara, horietan ezberdintasunean oinarritutako elkarbizitza sustatzen eta lantzen dugu, baita auzoaren parte sentitu eta elkar ezagutu ere. Gure lan arloak dira partaidetza, lankidetza, kulturaniztasuna eta euskararen sustapena, hauxe baita gure harremanetako hizkuntza estandarra.

Auzoko proiektu honekin hamarkada bat baino gehiago daramagu, eta aurretik beste auzokide eta kirol elkarte batzuk martxan zeukaten proiektuen lekukoa hartu genuen. Goian, kolektibo, elkarte eta auzokideen eskuetatik aurrera eramandako proposamen eta planteamendu desberdinen emaitza da, egon den eta gauden jende askoren inplikazioaren ondorioa. Auzoak aisialdian zeukan hutsune bat betetzea behar zuen eta hainbat eragile desberdinen elkarlanaren laguntzaz, proiektu hau aurrera ateratzen dugu: Aldabe eta Landatxo gizarte etxeak (Kirolak, Gizarte Zerbitzuak…); inguruko ikastetxeak eta beraien guraso elkarteak; Osasun zentroa; hainbat elkarte eta kolektibo ( ACD Campillo, Gasteiz Txiki, Barrenkale, Saregune, Hala Bedi, ADRA, ADSIS, Al Indimay, Amaru, Cáritas, ASVE, Radix 2, Talur… eta beste asko gehiago). Komuneko lan guzti hau, auzoan sustraiak dituen proiektu bat bilakatzen gaitu, sare komunitario baten parte, auzoko ume eta nerabeen artean erreferentzia positibo bat bilakatu gaituena eta auzokideok elkartzeko eta aurkitzeko gune osasuntsua.

Horretarako, gure lan-tresnak dira talde proiektuak eta urte osoan zehar antolatutako jarduerak auzoaren zehar: Landatxo polikiroldegian (ikastaro honetan beste toki batzuetara joan behar izan dugu, lanak direla eta) eta gizarte etxean, Auzolana Frontoian, Gasteiz-Txikiko egoitzan, Saregunean, auzoko eskoletan… Familientzako txangoak eta kirol topaketak, hitzaldiak, tailerrak, futbol, saskibaloi edo artzikirol partiduak, pilota eskola, familiei zuzendutako jarduerekin ekitaldiak eta festak ere antolatzen ditugu. Beka programa badugu, errekurtso gabeko familien partaidetza errazteko eta euren ekarpenak guztion onurarako. Hori guztia, elkar ulertzeko eta ezagutzeko tresna gisa, beti auzoan jada existitzen diren baliabideak konektatzen, eta elkarbizitza-gune anitza eta positiboak sortzeko eta gozatzeko bidean.

Urte hauetan gure finantziazio erak aldatu egin dira, eta, autogestio ekonomikoaren urte batzuk izan ondoren, azken bi urte hauetan bultzada handia izan da Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmena. Hitzarmen horri esker, aurre egin ahal izandako erronkak eta helburuak zabaldu ditugu. Alde batetik, jada genituen proiektu guztiak hobetu eta zabaldu ahal izan ditugu, konprometitu eta espezializatua den hezitzaile-talde bati esker. Bestetik, komunitate-sare bat eratu ahal izan dugu. Sare horrek indartu du egindako lana, denon artean bizi nahi dugun auzoa eraikitzen.

Hala ere, datorren urterako akordioa ez da udal aurrekontuan sartu. Udalak erabaki du ez duela interesik proiektu honetan. Proiektuak frogatzen du ingurune osasuntsuak auzoaren elkarbizitza euskarria direla; baita elkar ezagutzeak aurreiritzi eta zurrumurruak apurtzen dituela ere. Jatorri —kulturala, soziala, ekonomikoa…— ezberdinetako pertsonak nahastea ez da arazoa, aldrebes, denok aberasten gaitu, eta guztion artean auzoa eraikitzen dugu, auzo harrotasunarekin.

Gustatuko litzaiguke pentsatzea proiektuaren filosofia eta ikuspegia ez direla arrazoiak Goian ez finantzatzeko. Kontraesana litzateke, lehenik eta behin, bi urtez jarraian Udalak akordioa onartu duelako; bestetik, Foru Aldundiak —Udalak daraman partidu berberak zuzentzen duena— Goian saritu duelako kirol esparruan planteamendu horiek goraipatuz, eta, gainera, unibertsitateko esparru desberdinetatik deitzen digute komunitateko esku-hartzearen erreferentzia garelako. Gaur egun, gure erantzuna egunero bezala aurrera joatea da: helburuak, erronkak eta itxaropenak sendotzen jarraituko dugu proiektua bizirik mantentzeko.

(Proiektuaren inguruan edota gure ekintzei buruz informazio gehiago lortu nahi duzuenontzat, gurekin kontaktuan jar zaitezkete web orriaren bitartez www.goian.org edo gure bulegora etortzen, Gasteiz Txiki Auzokide elkartearen lokalean (Eskolak kalea 9)).

IMG-20150304-WA0018

Comments

Leave us a Message